KokapenaDeskribapena

Deskribapena


Ibilaldi honek Euskal Herrian ezaguna den Ernio mendiaren inguruneak zeharkatzen ditu.

Aurtengo ibilaldia Larraul herria du hasiera eta helmuga puntu. Larraul herriak 250 pertsoneko biztanlegoa du. Itsasotik 239 metroko garaieran eta Ernio magalean dago kokatua, Donostiatik 27 kilometrotara eta Tolosatik 16 kilometrotara.

Zortzi herrien arteko lehenengo mendi ibilaldia 1999an Asteasun hasi zen, ondoren Albiztur, Aia, Hernialde, Errezil, Alkiza, Bidegoian eta aurtengoan zortzigarrena Larraulen hasten delarik.
Hasieran bezela gaur ere gure helburuak berdina izaten jarraitzen du: ibilaldi honetan zehar, parte hartzaile guztiei herri hauek bidez-bide eta basoz-baso, gure aurrekoek oinez igarotzen zituzten antzera, erakustea eta ezagutaraztea da.
Lehen aipatu bezela abiapuntu Larraul izango da, handik beheruntza konturatzerako hankak berotuaz Asteasura helduko gara. Herriko plaza gurutzatu eta Elizmendira igotzen da. Eta igoera jarraituz, Ernio eta Gazume atzean utzita, bi bailaren arteko gainera iristen da, Bulano baserrira, itsasotik 410 metrotako garaieran.
Bulanoko gainean, atzean Ernio eta aurrean Kantauri itsasoa ditugularik, bien erdian hurrengo herria, Aia. Horra iristeko lehenengo Andatza auzora jeitsiko da, Aristerrazuko plazara (80m), eta arnasa sakon hartuta Aiako (300m) herrira helduko gara.
Aian egonalditxoa egin, jan eta edatekoa aukeran izango da, eta gogotik heldu Ernio-txikiko (650 m) igoera gogorrari. Eguraldia lagun bada, hartu atseden labur bat eta gozatu bertatik dauden bistekin, merezi du eta.
Kantauri itsasoa agurtuz, Iturriozko Bentatik barna, Zelatungo (850m) zeharbidera igoera luzatzen da. Zelatundik ere bista ederrak dira, bai itsaso aldera eta baita Gipuzkoa barruko ibarretara ere.  Ordu batzu badira Larraulen hasi ginenetik eta momentu egokia da, ibilbide guztian bezela, atseden pixka bat hartu eta zerbait edateko.
Zelatundik, Ernioko beste magalera, Errezilera (295m) jeitsiko gara, lasai, malkarra delako. Errezilgo plazara iristean, hemen ere jan eta edateko gunea eta unea izango da, baina kontuz tripa betetzean, zeren eta berriz ere aldapa gogorrari ekin beharko diogu. Erreka ondotik barna igo eta bidea zeharkatuz Bidegoianera (495m) iristen gara, zortzi herrietako patxara ederreneko zelaietara.
Baina ibilbide guztia bezela, laua gutxi denez, ostera ere aldapan beheruntza abiatuz, Albizturrera (276m) iristen gara, zeinetan jan eta edateko aukera hona izango dugun. Hartu atseden pixkat, hankek eskertuko dute eta. Berriz ere gogotik heldu, aldapa luzea dator Artzubiko (740m) hegalera iristeko, eta handik, bistekin gozatuaz, Uzturre mendia aurrean eta bailara barrenean Tolosa, Hernialdera (300m) tipi tapa jeitsiko gara.
Orduak aurrera doaz baina bukaera ere gerturatzen ari da. Ernioko harkaitz zaharrak ezkerretan digutularik Alkizaruntz (340m) jarraituko dugu, hasieran jeisten eta azken unean aldapatxo bat igoz, plazara iritsiko garelarik.
Hurrengo herria gure ibilbidearen helmuga dugunez, bukatzearen poza indar hartuaz, Alkiza atzean utziko dugu eta 2,5 kilometro eskasera, Ernio magalean, azken txanpa Larraulera iristeko, jendearen harrera gozoarekin.
Ea gustuko duzuen eta gozatu.